XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

ADMINISTRAZIOA ETA ITZULPENAK KAXILDO ALKORTA (HAEE-IVAP).

Oraingo honetan ez dugu Administrazioko itzultzaileek egundoko problemak dituztela eta eginaz jardungo.

Gaurkoan beste bidetik joko dugu.

Zer itzultzen da administrazio arloan? Euskaraz agertzen den ia den-dena.

Edozein hiri, herri edo herrisketako jaiak direla eta, aurrena honelako zerbait idatziko dute programarako: .

Eta gero: .

Aurrena ia beti gazteleraz idazten da eta ondoren euskaraz ipini behar izaten da.

Eta bandoak, iragarkiak, aktak, aginduak, ordenantzak, dekretuak eta legeak direnean... atera kontuak!.

Itzulpenak egitea euskararen onerako ala txarrerako da?

Euskarak bere betiko girotik beste arloetara ere zabaldu behar izan duenean zenbait kontzeptu azaltzeko gaitasunik eza erakutsi du.

Gauza bera gertatzen zaio itzultzaileari.

Eta itzuli beharrak eraginda sortu dira gaurreguneko hiztegiak eta Unibertsitate, Administrazio eta beste zenbait alorretako testuak ere.

Baina itzulpenak besterik ez egiteak kaltea dakarkio xede hizkuntzari.

Euskararen kasuan argi dago hori: erderakaden kontra gabiltza denok, baina gutxiagotan edo gehiagotan, ttak, han agertuko dira itzultzaile guztien lanetan.

Zertarako itzultzen da? Itzulpen ugari egin da azken urte hauetan Administrazio arloan.

Lan horretan gabiltzanok ondotxo dakigu astakeria (barkatu) galantak idatzi direla/ditugula.

Hala ere, kexa gutxi bildu daiteke.

Zergatik? Baxu baxu idatziko dut: zenbat euskaldunek irakurtzen ditu bandoak eta euskaraz bi hizkuntzetan dituela?.

Gure lankide batek sarritan esaten du dekretu erdian idatzi ezkero ere horrelakoa egindakoak ez lukeela kexa askorik jasoko.

Zergatik itzulpenak egin beharra? Zenbat euskaldun dago Administrazioan euskaraz egiteko gai? Eta euskaraz idazteko gai? Ingelesez, frantsesez eta latinez egiteko eta idazteko baino gutxiago seguru asko.

Hortaz, testuak gazteleraz sortzen dira, ze erremedio! Horretan Administrazioak berak badu bere errua. Baina....

Nolako jendea, nolako herria, halako Administrazioa (?).

Gure gizartea ere halakoa da izan ere eta!.

Adibidez: baditugu hiru egunkari euskalduntzat jotzen ditugunak (?).

Bat oraintsukoa da baina beste biek badituzte beren urtetxoak.

Sortu zirenean baino jende gehiago dago orain euskaraz idazteko eta irakurtzeko gai: hor ditugu euskaldun berriak, hor beren ikasketak ikastoletan euskaraz egindako neska-mutilak.

Eta? Egunkari horietan % zenbat aurki dezakegu euskaraz? Hasi zirenean baino gutxiago ez?.

Ondorioz, egunkari horiek dakartzaten gaiei buruz hitz egiteko ere, euskaldunek itzuli egin behar nahitaez.

Printzipioz euskara suzpertzearen aldekoak dira.

Administrazioa ere bai printzipioz... Horrela ba.

Zer egin hortaz? Euskaraz sortu eta euskaraz idatzi.

Euskaraz sortu eta idatziko bada, euskaraz ikastea eta alfabetatzea ezinbestekoa da.

Erakunde Ofizialek badute zereginik eta jendeak, eskubide osoz, kontuak eskatuko dizkie (?).

Hala izan dadila.

Baina administrazioarekin fio ez direnek eta fio direnek, euskarak aurrera egin dezan nahi badute behintzat, besteak beste nere ustez ondorengoa ere egin behar dute: - Euskaldun zaharrek gero eta zaharrago direla ohartu eta garaiz dabiltzan bitartean ondo alfabetatu.

- Euskaldun berriek errespetagarriak benetan egin duten ahaleginagatik hortik dabilen titulu hori lortutakoan, euskara titulu hori baino askoz ere gehiago, joriagoa, beteagoa dela jabetu eta... horixe ba.

Horretarako lana eta denbora behar-beharrezkoak dira.

Orduan sortuko dugu euskaraz eta itzulpen beharrik ez du izango euskarak.

Sorian eta Mont de Marsan-en ere ez dituzte behar.

Tarteka amets pixkabat egitea txarra ez eta, egin dezagun karrera irabazi nahi dugun txirrindulari talde bat osatzen dugula.

Ihes eginda goaz eta atzetik gu harrapatu nahian dator pelotoia dena emanda.

Irabaziko badugu elkar hartu eta erreleboak egin beharko ditugu: Administrazioa, euskaldun zaharrak, berriak, herri mugimenduak, denok.

Ezin egongo gara beti Administrazioak tirako duelakoan, gehiegi fidatzea izango litzateke eta.

Batzuek besteek baino gehiagotan tira beharko dute baina erreleborik egin ezean jai dugu.

Ea, bada, horrela jokatzen dugun.

Utopia? Bai, andrea. Bai, jauna. Baina beste irtenbiderik?.